Tolosa&Co

hasieraTolosa ezagutu

Tolosa ezagutu

Tolosa ezagutu

Tolosa ezagutu

Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen Gipuzkoa lurralde historikoko herri bat da. Oria ibaiaren haranean kokatuta dago, eta 17.894 biztanle dauzka (2008). Industriako esparru zabaleko enpresak daude han. Mota askotako zerbitzuak ere badaude: osasun arlokoak, banku zerbitzuak, ofizialak, epaitegiak eta lehen mailako saltegiak.

Tolosan, Oria ibaiak Araxes eta Berastegi ibaiadarrak hartzen ditu.

Tolosak Frantziako Toulouse hiritik hartu zuen izena. Latinezko eta okzitanierazko izena Tolosa da, hain zuzen ere.  Tolosa hiribildua Gaztelako Alfontso X.a Jakitunak sortu zuen, 1256an. Garai hartako ohiturari jarraiki, dagoeneko existitzen zen eta ospe handia zeukan beste hiri baten izena jarri zion hiribildu berriari –horixe zen Frantziako hiriaren kasua–.    Herriak izen bera dauka euskaraz zein gazteleraz. Herritarrei «tolosar» deitzen zaie.

Eraikin aipagarriak

  • Gipuzkoako Probintzi Artxibategia Cortázar arkitektoak eraiki zuen, 1904an, eta probintzia horretan hormigoiz eraikitako lehenetarikoa izan zen. Jada XVI. mendetik zen Tolosa Probintzi Artxibategiko egoitza (lehen, parrokian kokatuta zegoen).  
  • Udaletxea 1657-1672an eraiki zuten eta estilo barrokokoa da; beheko solairua arkupeduna, eta balkoiak, burdina forjatuzkoak. Juan Arburola hargin maisuaren lana izan zen.
  • Kultur Etxea (XIX. mendea), oinplano angeluzuzen luzanga duen eraikina. Antzinako harresiaren lerroari jarraitzen dio, beraz, aurrealdea alde zaharreko kaleekiko perpendikularra da, eta hala, hegoaldetik ezin da ikusi. Estilo neoklasiko isabeldarrekoa da, 80ko hamarkadan erabat birmoldatua, kultur etxe izan zedin. 1844-1854an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza izan zen.
  • San Frantzisko komentua, Gaztelarako Errege Bidearen irteeran kokatua.  Basilika-oinplanoa dauka eta Nicolas Zumetak eta Agustin Lizarragak eraiki zuten, 1676 aldera.  Aldare nagusiko erretaula eta Antia sendiaren kapera nabarmentzekoak dira.
  • Santa Klara komentua.
  •  Moja klaratarren zenobio barrokoa (XVIII. mendea). Urre koloreko erretaula nagusi artistikoa, churrigueresco-rococo estilokoa.
  • Santa Maria eliza; gaur egun, 1.630 m2-ko azalera dauka. Jatorrizko eliza 1503ko sutean erre zen eta 1548ra arte ezin izan zituzten konponketa lanak hasi, diru faltagatik. Orduan, hiru nabe altuz osatutako eraikina altxa zuten. Gurutzeria faltsua daukaten gangez errematatuta daude eta ganga horiek sei zutabetan bermatzen dira. Eraikinaren estiloa gotikoaren bertako aldaera da, Euskal Herriko gotikoa deiturikoa. 1761ean, Martin Carrerak gaur egungo aurrealde barrokoa egin zion, kanpai-horma (erdian) eta balaustradaz elkartutako bi dorre jarrita. Urte batzuk geroago, atrioa erantsi zioten.  XIX. mendean, Silvestre Pérezek ukitu neoklasikoko konponketa lanak egin zituen. Erdian erretaula dauka, eta alboko kaperetako batean, uholde baten ondorioz suntsitu zen San Esteban ermita erromaniko-gotikoko aurrealdea gorde da.
  • Corpus Christi eliza.
  • Aranburu jauregia (XVII. mendea), Euskal Herriko barrokoaren prototipoa. Oinplanorik gabeko eraikin irregularra da, eta lau isurkiko teilatua dauka.  Aurrealdea apaindura gutxikoa da, kuxin formako harlanduz egina, klasizismoak berezkoak zituen simetria eta zentraltasun printzipioei jarraiki.   Ate nagusiko apainketa erdiko balkoikoarekin lotuta dago eta bikaina da. Miguel Aranburu legelariaren armarria (Gipuzkoako foruen bilduma idatzi zuen, 1697an). 
  • Atodo jauregia (XVI. mendea), Kale Nagusia 35. Estilo errenazentistakoa da, handia, eta aurrealdea, harlanduz egina, harburu zizelkatuz osatutako aleroi bikoitzez babestuta dago.  Solairu nagusian, balkoi forjatu ederrak dauzka, eta azken solairuan, arku apalduz osatutako hogei bao simetriko. Lehoi formako arrapala-harmarri artistikoa, eskortzo barregarrian dagoen haur bikote batek erakutsia. Fermin Atodo konde palatinoaren sehaska. Tolosako tertzioetako kapitaina izan zen, 1558an, eta Felipe II.aren Erromako enbaxadorea.
  • Justizia Jauregia (1853). Arkupedun plaza karratuko 50 metroko aldeetako batean dago.  Plaza banaka egindako eraikin multzo neoklasiko batez osatuta dago. Jauregia nabarmentzen da, material aberatsagoak dauzkalako, eta ondoko etxebizitzek ez bezala, hiru solairuren ordez bi dauzkalako. Toki horretan, arkupea arkuteria bihurtzen da. Aurrealdeak, beheko solairuan, kareharrizko harlandua dauka, eta hutsuneetan zein inpostetan, azpadura.   Bertako Unanue eta Eskoriatza arkitektoek egin zuten. Epaitegi horretako espetxean sortu zuen Joxe Mari Iparragirre koblakariak bere ama gogora dakarren Nere amak baleki zortziko hunkigarria.  2009tik, TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren egoitza da.
  • Idiakez jauregia, 1605ean eraikia, harresiaren gainean eginda dago, antzina Nafarroa atea zegoen tokiaren inguruan.  Adituen arabera, gaur egungo eraikina XVIII. mendekoa da, sute batek aurreko dorretxea suntsitu ondorengoa. Eraikinaren aurrealde nagusia mailu formako harlanduzkoa da (Plaza Zaharra ixten du); atzealdea, berriz, zerra forman jarritako adreiluzkoa, eta ibai gainean kokatuta dago.  1794an, Felix Maria Samaniego Zabala alegilaria bizi izan zen han, Tolosako alkatea zen garaian.  Gaur egun, Tolosako Kasinoaren egoitza da.
  • Zezen-plaza, 1903ko ekainaren 24an inauguratua (Bombita toreatzaile entzutetsuak egitea espero zen, baina min hartu zuenez, Bonarillok eta Guerreritok ordezkatu zuten). 37,5 metroko plaza, 1,8 metroko hesi-atzea eta 5.300 lagunentzako tokia dauzka.   Harmailak eta palkoak tendiduan daudenez, proportzionaltasun berezia dauka.  Zezenketez gain, herri kirol lehiaketak egiten dira (korrikalariak, aizkolariak, harri-jasotze saioak, eta abar). Hiriko inauterien gune nagusia da. Arratsaldero, bigantxak ateratzen dituzte, ostegun gizenetik hasita, eta inauterietako astearte goizean, pattar zezena.
  • Andia dorrea, Kale Nagusiko 17. zenbakian kokatua. Erdi Aroko eraikinetik armarriaren aztarnak eta bi gargola besterik ez dira geratzen, zimenduez gain. Domenjon Gonzalez Andia ospetsua, Gipuzkoako Erregea deitzen zutena, bizi izan zen han.

Historia

San Esteban auzoan, duela 9.000 urteko giza kokaleku bat aurkitu zuten.  Aurkitutako silexezko tresna eta hondakinek adierazten dutenez, ehizan eta fruituen bilketan oinarritutako ekonomia izango zuen giza talde horrek.

Brontze Arokoak, duela 4.000 urte ingurukoak, Belabieta eta Añiko trikuharriak dira, lehenengo erlijio adierazpenen lekukotza ematen duten hilobi-eraikinak.

Burdin Aroan, duela 2.300 urte inguru, lehen herrixkak sortu ziren. Altuera ertaineko mendietan finkatu ziren, adibidez Intxurren (Aldaba), eta harresiz inguratuz babesten zuten beren burua. Burdina ezagutzeaz gain, jada nekazariak eta abeltzainak ziren.

Antzinaro osoa –erromanizazioa barne– oso gutxi ezagutzen dugun garai iluna da, gutxienez Gipuzkoa historian sartu zen arte –1025. urtea–. 

Gipuzkoa Gaztelan sartu zuten, 1200ean. 1256an, Gaztelako Alfontso X.a Jakintsuak Tolosari forua eman zion. Foru horren bitartez, Tolosako herritarrek ez inguruko herrixketako biztanleek ez beste probintzietakoek ez zeuzkaten pribilegio batzuk jaso zituzten. Era berean, Nafarroa mugan zeuden Tolosa, Ordizia eta Segura gotortu egin zituzten.  Jatorrizko hiria uharte batean eraiki zuten. Gaur egungo Rondilla kaletik (lehen, Pablo Gorosabel) pasatzen zen Oria ibaiaren adar batek banantzen zuen uhartea, eta harresiz erabat inguratuta zegoen. Harresiak defentsa dorrez hornitutako sei ate zeuzkan (Gaztelako Atea, Arramele, Nafarroa, Damen Etxea, Hiltegia eta Laguntzaren Andre Mariaren Atea). 

XIV. mendetik aurrera nagusi zen ziurgabetasunaren eraginez, bi mendez, zenbait hiribilduk Tolosarekin bat egin zuten eta hartaz banandu ziren, besteak beste, Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Zizurkil, Elduain, Lizarra, Ezama, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Laskoain, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa eta Iurre.  Tolosak bertako alkatearen agindupean geratu ziren hiribilduak defendatzeko konpromisoa hartu zuen eta, oro har, hiribildu horiek Tolosako pribilegioetara eta foruetara atxiki ziren.  XIV. mendean, hiri horien artean desadostasun batzuk sortu ziren, eta Donostiarekin gatazka bat, Andoain, Aduna eta Alkizako kasuengatik. Arazo hori 1479an konpondu zen, hiru hiribilduak Donostiaren eskumenen pean utzita.

1794ko abuztuaren 9an, Konbentzio Gerran, tropa frantziarrek Tolosa okupatu zuten. Independentzia Gerran, berriz okupatu zuten. Napoleonen armadaren mende egon zen bitartean, inguruko gerrillek eraso egin zioten.

Tolosa karlistek 1872-1876ko gerra zibilean kontrolatzen zuten lurraldeko hiri garrantzitsuenetako bat izan zen. Beraz, El Cuartel Real egunkariaren egoitzetako bat han egon zen.

1844tik 1854ra, aurrerakoien gobernupean, Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zen, 10 urtez. Geroago, Donostiari utzi zion titulu hori, eta ondorioz, aldundia eta kudeaketa zein gobernu osoa probintziako hiriburu berrira lekualdatu zituzten. 

Kultura

Abesbatza Lehiaketak aipamen berezia merezi du, 1969an lehen aldiz egin zutenetik munduko lehiaketarik onenetakoa bihurtu delako. Hala, herrialde guztietako abesbatzek zein bokal-taldeek parte hartzen dute.

Bada Tolosako Ekinbide Etxeak (TEE) antolatzen duen beste ekimen bat ere; 1983tik egiten duten Titirijai txotxongilo jaialdia, alegia. Erakunde horren eskutik, 2009an, Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (TOPIC) abian jarri zen.

Beste kultur esparru batean, urtero, naturari, antropologiari eta bidaiei buruzko Amalur jardunaldiak egiten dituzte, Tolosako Ekimen Etxeak antolatuta.

Bestetik, herriko gazteek bultzatutako Bonberenea kultur zentro okupatu eta autokudeatua aurkituko dugu; Euskal Herri osoan eta bertatik kanpo ere eragina dauka. Talde asko igaro dira Bonbereneatik, adibidez, Barricada, Fermin Muguruza, Doctor Deseo, Atom Rhumba eta Gatillazo. Zine aretoa, irratia eta grabaketa estudio propioa dauzka. Azken horretan, ondoko taldeek grabatu dituzte diskoak besteak beste: Gose, Ama Say, Petti, Zea Mays, Deabruak Teilatuetan, Anestesia eta Lobo Eléctrico.  

Gastronomia

Tolosako babarruna inguruko berezitasunetako bat da. Babarrun mota horren ezaugarriak guztiz beltza eta uniformea izatea dira. Hidrataziorik behar ez duenez, ez da prestatu baino ordu batzuk lehenago beratzen utzi behar, beste babarrun mota batzuekin gertatzen den bezala. Haragi koipetsu eta trinkoa dauka: ondo egosiz gero, ez du zertan hautsi.

Beste ezaugarri garrantzitsuetako bat da kilo bakoitzeko aza zati batekin, tipula batekin eta baratxuriekin bakarrik egosi behar dela. Haragi koipetsuren bat erantsi nahi badiogu, aparte prestatu beharko genuke, eta eltzekaria egosten denean, dena nahastu.

Urtero, eskualdean landutako babarrun onenen lehiaketa egiten dute. Babarrun Kofradia ere existitzen da.

Abenduko zubiaren inguruan, Txuletaren Azoka egiten dute, eta herrialde osoko jende asko erakartzen du.

Gozogintzan ere ospea daukate, Tolosako teila eta zigarrotxoei eta xaxuei esker. Gozogintza museoa ere badago.

Tolosako inauteriak oso entzutetsuak dira. Jai paganoa da, eta sortu zenetik inoiz ez diote ospatzeari utzi. Izan ere, Francoren diktadurak bolada batez debekatu zuen arren, udaberriko festak izenarekin egiten jarraitu zuten.

Herriko jaiak ekainaren 24an ospatzen diren San Joan jaiak dira.

Irailean, garagardo feria egin ohi da. Zerkausian egiten dute eta munduko garagardo postu ugari jartzen dituzte.

2007tik, LAN party Gipuzkoa Encounter ere egiten dute han, martxo erdialdean.

Pertsona ospetsuak

Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen Imagen
agentzia: prismacm

© Tolosa&Co · azala | berriak | bazkideak | albuma | gertakizun eta jarduerak | estekak | eskaintzak · e-mail: info@tolosandco.org · tel. 943 653 578